XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

10. Bizi ondoren

Sortzen denak hiltzea zor

Gure Herrian hildakoekiko begiramena berezi eta sakona izan da beti, ohitura zahar askok frogatzen duten bezala.

Etxe batean norbait hilzorian zenean auzoa deitzen zen lehenbizi, kasu honetan elizarako bidean eskuineko lehenbiziko etxekoa lehen auzoa / leenatea / kurutzeketaria hain zuzen.

Apeza eta sendagilea, lehen auzoak deiturik, gaixoaren gelan biltzen ziren.

Heriotza luzatzen bazen teila bat kentzen zuten zenbait herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan.

Hil ondoren lehen auzoak senideak deitzen zituen eta berak ala etxeko norbaitek animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki (ikus 15).

Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara.

Ezin zitezkeen bide arruntak erabil, bide berezi hura bakarrik, zenbaitetan luze eta kaskarrago izan arren.

Bide honek izen desberdinak zituen: elizabide Uharten (NB), gorputzbide Ataunen (G), andabide Kortezubin (B), zurrunbide Nafarroan...

Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen.

Lehengo denboretan, XIII. mendetik XIX.a arte, hilobia jarlekua eliza barnean zegoen.

Geroztik eliza inguruan kokatu zuten hilerria, oraindik Iparraldean ikusten ahal den bezala.

Bataiatu gabe hiltzen ziren haurrak etxeko hegalpean itxusurian edo baratzean ehortzi ohi ziren toki askotan: Errioxan (A), Liginagan (Z), Uharten (NB), Kortezubin (B), Aretxabaletan (G), Saran (L)...

Honez gain, etxea, hilbidea eta hilobiaren artean zegoen loturak etxea ere hilerri zela erakusten du.

Guzti honengatik hilobia eta etxea bereiztezinak ziren eta, batera, ondorengoari uzten zitzaizkion.

Zenbait tokitan, oinordekoa ezkondu ondoren, opariren bat eramaten zuten ezkonberriek etxeko hilobira.

Modu horretan, hildakoen aurrean ere kanpotik etorritako espos berria etxean sartzen zen.

Hilmeza garaian etxekoandreak zenbait oferenda egiten zituen jarlekuan.

Opari gisa ere hildakoaren ohepekoa (garaian lastozkoa) hilbideko lehenbiziko bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, zenbaitetan, ur bedeinkatuaz zipriztinduz sua.

Halaxe bidetik zebilenak, auzoko etxean norbait hil zelako berria ikasirik, haren arimaren alde otoitz egin ohi zuen.

Elizkizunak eta ehorzketa bukatu ondoren hildakoaren etxera joaten ziren ahaideak eta gonbidatuak (zenbait herritan elizara joaten ziren guztiak), mezatako bazkaria deitua ospatzera.

Bazkarian, otoitz egin ondoren, senideren batek goraipatu egiten zuen hildakoaren izaera eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitzen zen irriak eta txantxak zabalduz bazkaltiar guztien artean.

Siniste zabaldua zen hildakoak, zenbait kasutan, agertzen zirela.

Agerketa hauek era askotakoak izaten ahal ziren: argiak argiliak, itzalak, hotsak, etab.

Kasu hauetan galdetu behar zitzaion zer nahi ote zuen eta eskatutakoa eginez ez omen zen gehiago agertzen.

Hilerriak

Hilerriak izen desberdinak ditu: hilarrieta, ilargieta (Sara, L), ilherri (Liginaga, Z), zimitorio (Oiartzun, G), kanpusantu (Ataun, G) ortusantu (Kortezubi, B)...

Hilarriak era berean: hobi, illobi, hilobi, obria, hilarri, ilargi, tonba, etab.

Etxeek jarlekua eliza barnean zuten, baina populazioaren gorakadak sortu zituen eliza ondoko hilerriak.

Hauetan etxegabekoak eta buhamiak, ijitoak, ehortzi ohi zituzten; beranduago, XVIII. mende bukaeran XIX.aren hasieran, gorpu guztiak.

Santa Grazin (Z), hilerriko bazter txiki honek gure lehenagoko hilerriak nolakoak ziratekeen erakusten digu, benetan urrun gaurko handikeria itsusietatik.